XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) beherantz egiten da eta bide bat aurkituko dugu, pinudi batean barrena eraikuntza txiki batzuen eta Errota-berri izeneko baserriaren inguruetaraino heltzen dena.

Bertatik pasatzen den pista jarraituz, berehala iristen da Eusko Trenbideek hor duten tren-geralekura, gaur egun nahiko eroria dagoena, hain zuzen ere.

Sakonetako geltokia - Itxaspe Auzoa

Bide-zidor estu batean barrena igotzen da, belardi zabal eta maldatsu bateraino.

Hau amaitu ondoren bi baserri bikain ikusiko ditugu, Urkanga izenekoak.

Itsasoko eta kostaldeko panoramika ikusgarriak dira leku honetatik, baserri horiek benetazko talaiak izanik.

Pista zabala jarraituz, pixkanaka-pixkanaka altura galduz goaz.

Une batean, eta eskuinetara, Itxurritxe baserriaren hondakinak ikus daitezke.

Pistan aurrera eginez, norabidea barnekalderantz desbiatzen da, autopistaren inguruetaraino.

Behin lehenengo baserrietara iritsi ondoren, Larrabiel eta Txartu baserrietara hain zuzen, bidea asfaltaturik dago, eta errepideak gora egiten du Itxaspe auzorantz.

Itxaspe Auzoa - Deba

Kokatuta daudeneko bizkarrean han-hemenka barreiaturiko baserriez osatua dagoen auzune hau pasa ondoren Itxaspeko kanpinera helduko gara.

Bertako pista ugarietan bat aukeratu eta jaitsierari ekingo diogu, trenbidearen ondoan abandonaturik dagoen etxe bateraino; leku hau Arronamendi bezala ezagutzen da eta txabola txikietako bati Uezti-berri esaten zaio.

Leku honetatik eta ibilbidez kanpo, bertatik abiatzen den bide-zidorra hartuz kala txiki batera hel daiteke.

Etengabe gorantz, Itziar Debakin lotzen duen errepidera iritsiko gara.

Errepidean metro batzuk atzera egin beharko dugu Santa Katalina ermitara daraman bidea hartu ahal izateko.

Gaur egun ermita aurrizko egoeran aurkitzen da, utzikeria eta emandako tratu txarra direla medio.

Bere inguruan ikus daitezkeen zenbait eraikuntza ere antzeko egoeran daude, baina zelai polit bat ere bada, eta bertatik ederki asko ikus daiteke egindako ibilbidea.

Bide-zidor estu eta aldapatsu batetik Debako herriraino jaistea besterik ez zaigu geratzen.

Zenbait ataletan galtzada zahar baten hondakinak ikusten dira: zoruko harriek egitura latz eta malkarra damaiote galtzadari, baina aldi berean baita itxura nabar eta ikusgarria ere.